Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Usteltzeko lana

egorospe 2009-11-11 @ 12:47

Harritu nau Gotzon Barandiaranek Argian esandakoak: “IVAPeko lanagatik usteltzen hasi nintzela konturatu nintzen arte”. Gero jakin dut Gotzon normalizatzaile zela eginkizunez; badakizue: euskal tribuetariko bat, itzultzaile, trebatzaile, (...) eta horiekin batera. Administrazioko beste lan batek ere ustel zezakeen Barandiaran; baina euskarari zorrotz lotutako batek ukitu zuen. Ulertzen dut, halajaina. Horretan bat nator berarekin, eta Jon Sarasuarekin, diñoenean "patxada gutxi erabili dela" azken hamarkadetan euskararen inguruko kontu guztietan. Falta zaie esatea (nik soberan egitendudana, bestalde), porrot erraldoi baten aurrean gaudela, eta, une honetan,  behar bada euskaldundutako jendea -profila lortzeko euskaldundutakoa, alegia- dela euskararen etsairik handiena. Gehiegitxo esatea da hori!?

 

 Nik uste nuen euskaldunok -eta, batik bat, euskaltzaleok- alda genezakeela Administrazioan euskarak bizi duen egoera. Gezur hutsa da. Zelan eta lehendik esanda dudan funtzionarioari gehien eragiten diotena bere zilborra eta bere interesa diren -eta horretan gainerako funtzionarioen antzekoak gara-, ba gehitu behar zaio adierazpen horri esfortzu, kemen edo ahalegin-gehigarria eskatzen dien guztiaren kontrakoak ere badirela ia denak.

Eztabaida izan da betitik, zeinetan, alde batekoak uste baitzuten euskara maitasunez, borondatez eta militantziaz ikasi behar zela, derrigortu barik; eta besteek iritzi izan diote ezen euskara -legeek ere hala xedatzen dutelako- hizkzuntza ofiziala dela, eta, horren indarrez-edo, denetarako balio beharko lukeela; hortaz, dena jarri behar da euskaraz, denak izan behar du euskararen itxura. Baita funtzionarioek eurek ere.

Egin ditugu -ustez eta teoriaz- milaka funtzionario elebidun. Xahutu ditugu milioika euro zeregin horretan. Jarri ditu administrazioak milioika ordu bere pertsonala euskalduntzen. Ondorioa, 30 urte eta gero: zero patatero.

 Zero patatero baino gehiago: minus (-). Izan ere, ustez euskaldundutako funtzionario horiek Administrazioko mailarik altuenak lortu dituzte, zeri esker? eta eskuratutako hizkuntza profil horiei esker. Zein da emaitza? Behin lortuz gero, askok -gehiensuenek- lepoa ematen diotela euskarari, hinbesteraino ezen kaltegarria eta karga ere bihurtzen zaiela lortutako profila, izan ere, norbait joan dakieke euskaraz eginaz edo euskaraz zerbait eskatuz, eta gizagaixo profildunok estualdi batean sartu.

Zer lortu dugu, orduan? Euskararen aldekoak? Edo euskararen kontrakoak, nahiz maila jaso lortu izan euskara azterketetan? Ni -begibistakoa da, bestalde- bigarren talde horretakoa naiz.

Betiko galderak: zer egin horren aurrean; norengana jo hori bideratzeko? Hausnarketa edo oldozpen estrukturala behar du honek, aurrera egingo badu. Zertan esanik ere ez dago auzi hau politikoek beste era bateko etekinak lortzen dutela.

 Hurrengokoa: "Don Gallo (eta 2)"


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(4) »

  1. JJ Agirre — 2009-11-12 - 16:12:16 GMT 1

    “esfortzu, kemen edo ahalegin-gehigarria eskatzen dien guztiaren kontrakoak ere badirela ia (funtzionario) denak”.

    Funtzionario ez direnak ere bai, Euxebio. Egungo giza legea da. Bitsetan bizi gara, eta jendea ez dago dohaineko ahaleginik egiteko, bere izena inon dantzan ikusteko, eta are gutxiago nagusiei kilimak egiteko. Galdetu fabriketan bestela: elkartasuna? Konpromisoa? Amigo, bi etxe, hiru kotxe,… hipoteka… ez gaude brometarako. Administrazioan hori nabariagoa da noski.

    “… euskaldundutako funtzionario horiek Administrazioko mailarik altuenak lortu dituzte, zeri esker? Hizkuntza profilei esker. … Behin lortuz gero, gehiensuenek lepoa ematen diote euskarari, hainbesteraino ezen kaltegarria eta karga ere bihurtzen zaiela lortutako profila, izan ere, norbait joan dakieke euskaraz eginaz edo euskaraz zerbait eskatuz, eta gizagaixo profildunok estualdi batean sartu.”

    Egia erdiak dira horiek baina. Profila ateratako funtzionario horiek ez lukete arazorik izango seguruenik, lanpostua eskuratu eta berehala ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan balute. Arazoa zein da? Arazoa da kasurik gehienetan, edo ia guztietan, profilik altuena egiaztatu behar izanagatik ere, ERDARA HUTSEZ jardutera BEHARTUTA daudela, oro har sailetako arduradun politikoek erdara hutsez jarduten dutelako (baita orain arte egon direnek ere). Egia da badirela euskarari lepoa ematen dioten langileak, baina askoz egiagoa da euskarari adi-adi, zain eta adeitsu jarrita ere, oso zaila dela Administrazioan euskaraz lan egin ahal izatea, sail eta zerbitzu jakin eta zehatzetan ez bada. Egia da, 30 urte geroago ere, euskaraz eroso lan egin ahal izateko tresna asko eta askoren faltan daudela Administrazioko langileak.
    Egoera honen arrazoi bakarra ez da, baina bai nagusia : arduradun politikoen arduragabekeria edota aurkako jarrera, bai oraingoena, bai lehengo askorena ere.

    “Zer lortu dugu, orduan? Euskararen aldekoak? Edo euskararen kontrakoak, nahiz maila jaso lortu izan euskara azterketetan?”

    Galdera gaizki formulatuta dagoela uste dut. Egoera horren erantzule zuzenak ez gara gutxi-asko euskalgintzan saiatu garenok, izen eta abizen eta alderdidun politikariak baizik. Orain arte jardun duten arduradun politikoek (salbuespenak salbuespen) ez diote gaiari inongo garrantzirik eman, eta orain honako egoerarekin egiten dugu topo.
    Ezin liteke esan funtzionario euskaldunak, oro har, borrokalari sutsuak garenik (hipotekaren aurkako borroka aparte utzita, noski), baina nori berea behar du, eta Administrazioan euskararen garapenak bizi duen motelaldi luzearen arduradunak ezagunak dira, eta politikoak dira nagusiki.

  2. Mattin — 2009-11-12 - 17:35:28 GMT 1

    Bai, nire ustez gehiegitxo esatea da hori, Eusebio. Uste dut “beltz edo zuri” interpretatzen dituzula kontuok, eta funtzionario guztiak ez dira hain jende zitala, ezta gutxiago ere. Eta ez nahiz ihesean ari, zehaztu dezadan: aipatzen dituzun horiek ez dira “euskararen etsairik handienak”, ez dira “aldekoak” edo “kontrakoak”; nire ustez indeferenteak dira, eta indiferenteak dira, batez ere, hizkuntza-politika egoki baten falta izan dutelako, erreferente falta izan dutelako, “caldo de cultivo” bat, helduleku bat, ximaurra beroa… Zer espero genuen ba? Noiz egin da (egin dugu), adibidez, ganorazko sentsibilizazio kanpainarik etxe honetan euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzeko?

    Eta hor ere geure autokrikirako zirriztua zabaldu behar da, ez?

  3. egorospe — 2009-11-12 - 20:02:33 GMT 1

    Ba bai jaunok, horrela da; alegia, funtzionario euskaldunduen artean denetik dago; eta politikarien artean ere bai. Ez dakit kontua erruak banatzea den edo, areago, egoeraren diagnostiko zehatza egin, eta aurrera begirako bidea ondo aukeratu.

    Edozelan ere nahiko ihartuta eta akats estruktural nabarmenekin ikusten dut nik euskalgintza. Denbora izango dugu beste post batzuetan azertzeko, baina ez inportantzia bakoa izango, seguruenik, ea zer egiten dugun administrazioko mailarik altuenetan egon eta hizkuntza profila egiaztatu gabe -edo egiaztuta izan arren, euskara guztiz ahaztuta- dutenekin, beraien eskuetan baitago administrazioko euskararen nondik norakoa datozen hamarkadetan.

  4. JJ — 2009-11-13 - 11:02:39 GMT 1

    Kontua ez da erruak zozketatzea, nori bereak egoztea baizik.
    Funtzionario euskaldunzahar eta berrien suaren benetako garra norainokoa den badakigu gutxi gorabehera, inor gutxi erreko duen horietakoa, ideologiak ideologia. Baina hori da gauza bat, eta beste bat, oso ezberdina, Administrazioan ematen den euskararen erabilera baxuaren ardura leporatzea edo arduradun politikoen ardurarekin parekatu nahi izatea.
    Ondotxo dakigun bezala, gehien-gehienetan zuzendariek erabakitzen dute, nahita edo ohitura zaharrari jarraiki, prozedura administratiboetan erabili beharreko hizkuntza zein izango den. Ondo baino hobeto dakigu, euskara azken fasean agertu ohi dela prozedura horietan kasurik onenean (azken-orduko- atzorako itzulpen fasean alegia), eta denok dakigu Celáa, Bengoa, López edo Ares ez direla euskaltzalerik sutsuenak, baina egoera hau ez dela euren eskutik sortu, oso aspaldikoa dela, ostera.
    Zeuk arestian aipatut duzun Sarasuak gauza interesgarri askoak esaten ditu hitzaldi horretan. Besteak beste, gure eztabaidarekin zerikusi zuzena duten honakoak (gutxi gorabehera):

    Fundamentu gutxi ikusten dela euskararen garapenean (eta ez da funtzionarioez ari).

    Ideia politikoen eremutik baina jakintzazko oinarri gutxirekin gauzatzen ari dela euskararen garapenaren inguruko alderdien arteko eztabaida. Hots, politikariek ez dutela erakusten euskararen egoeraren eta garapenaren ezagutza nahikorik.

    Beste euskal intelektual askok ere ezagutza gutxirekin jarduten duela gaiaren gainean, arintasunez.

    Euskalgintzan ilunaldi batean gaudela...

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>